Gure historia

Berrogeita hamar urte joan dira gaur egun Auñamendi Landa Hotela dagoen etxea ostalaritzan hasi zenetik. Gure historia “Casa Zazón” izena zuen taberna batekin hasi zen, eta gure sustraiei hertsiki lotuta dago, familiako negozioa izaten jarraitzen baitu. Taberna zenbait aldiz zabaldu eta eraldatu ondoren, gaur egungo landa-hotelera ailegatu gara, 2014an guztiz zaharberritu eta gero.

Agian jakinen duzu “Auñamendi” izenak zer esan nahi duen… Anie mendiaren bigarren izena da, itsasotik hasita 2.500 metrora iristen den Pirinioetako lehen mendiarena, eta, halaber, euskaraz Pirinioak izendatzeko ere erabiltzen da, ez da makala!

Herriko plazan

Gure hotela Otsagabiko plazan bertan dago, Pirinioetako herri ederrenetako batean. Iratiko oihanera sartzeko ateetako bat da; Irati basoalde zabalenetako eta hobekien zainduetako bat da Europan, eta abiapuntu bikaina Nafarroako Pirinioak ezagutzeko. Anduña ibaiak gurutzatzen du, eta zinemako film bat edo beste grabatu dira bertan, besteak beste, Montxo Armendáriz zuzendari nafarraren “Bihotzaren sekretuak”.

Herrian etxe handi eta zainduak nabarmentzen dira, inklinazio handiko teilatuak dituztenak herriko arteria nagusia den Anduña ibaiaren aldera; erretaula errenazentista ikusgarria duen San Joan Bataiatzailea eliza-gotorlekuaren inguruan biltzen dira herriko etxeak. Merezi du lasai ederrean paseatzea galtzada-harriz egindako karrika meharretan barna; horrela, bazter zoragarriak aurkituko ditugu, eta 1794ko Konbentzio Gerran zehar herria suntsitu zuen suteari eutsi zioten harlanduzko etxeak ikusteko parada izanen dugu. Otsagabia aire zabaleko museo bat da zinez, eta bertan, besteak beste, portale, leiho, forjatu, teilatu-hegal eta armarri ederrak aurkituko ditugu.